XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EGUN ETA BIHAR

Jestu gutiz...

Errusian ere, gutien ustean badute sukar eta kalapita!

Eltsine hango nagusi handiak jestu gutiz eta batere funtsik gabe kanporatu du Primakov gobernuburua, berak hautatua zuena eta ez hain aspaldi!

Kanporatu sobera itzal egiten ziolakotz orobat...!

Hainbestenarekin, deputatuek Eltsine bera kanporatu nahi zuten.

Bizpahiru egunez, eztabada gogorrak ukan dituzte beren artean eta denen buru ez da haatik gehiengorik agertu Eltsine-n kontra.

Orai, Eltsine, iduriz berriz azkartua, ari da deputatueri onartarazi beharrez bere gostuko gobernuburu berria, Serguei Stepachine.

Nehork ezin erran auzi hori nola bururatuko den... Saltsa bat ederra badutela, hori ba!

Auzo gisa

Ondo hotako RPR alderdiaren aintzindariek eta mugaz bestaldean popularra deitzen den alderdi eskuindarraren buruzagiek elgarren arteko bilkuraño bat muntatu dute Donibane Lohizunen.

Auzo gisa. Ainitz pondu aipatu dituzte. Bakea gogoan, berek erran dutenaz.

Eta bortizkeria azkarki salatuz. Bakea gogoan bainan nunbaitik ere abertzaleen kontrako solas minkor batzu ere erabiliz, Carlos Iturgaitz gipuzkoarrak segurik...

Egun hortan berean, Egunkaria eta Gara kasetekin akulatu solasketa batean, ETA-ko bi aintzindarik ere bakea nahi dutela erraiten zuten aski garbi.

Eta bakeaz hola mintzo diren guziak mahain beraren inguruan jartzen balire azkenean!

Ehud Barak

Izen hau ere gogoan atxiki behar hemendik goiti Ehud Barak da Israel herrialdeko gobernuburu berria.

Astelehenean zituzten alabainan hauteskundeak eta Ehud Barak hori gainez-gain nagusitu da hiru urte huntan gobernua kudeatzen zuen Benyamin Netanyahu-ri.

Ehun bozetarik 56 bildu ditu, nehork uste baino gehiengo handiagoa.

Deputatu alkientzat bozak azkarki berduratu dira haatik bainan iduriz gobernuburu berriak hein batean bil dezake deputatuen artean ere gehiengo manerako bat.

Israelen ere beraz haizea itzuli da eta aldi huntan ezkerrekoak nagusi.

Bainan denen buru, ezker-eskuinen arteko auzia baino urrunago behatuz, gauza berria hau da, itxura guzien arabera segurik, badela orai bakeari buruz zenbait urratsen aintzinerat egiteko molde hobea.

Aise eta aise hobea askok diotenaz.

Ondoko hilabete horietan ikusi behar halere...